Bere izena ez da oso ezaguna, baina Josu Gallastegui piano-jotzaile handia da, munduko onenetariko bat gaur egun, batez ere balletean. Derion jaio zen, baina Venezuelan eta Estatu Batuetan landu du bere ibilbidea. Gaur egun Madrilen eta New Yorken artean bizi da.
Zelan hasi zinen musikan?
Aita txistularia zen eta musikarako izugarrizko zaletasuna zuen. Eta berak sartu ninduen musikan. Hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina denboraren poderioz, musika nire pasio bihurtu zen. Bilboko kontserbatorioan hasi nintzen ikasten, eta bitartean elizan jotzen nuen organoa. Garai hartan, Txorierriko eliza batzuetatik deitzen zidaten hiletetan eta abarretan organoa jotzeko. Zortzi urte nituela hasi nintzen organoa jotzen eta 12 urte nituenetik musikatik ateratzen dut bizimodua. 1959an, 17 urte nituela, amaitu nuen kontserbatorioan, eta bertan karrera-amaierako lehenengo saria irabazi nuen.
Eta gero Venezuela joan zinen...
Bai, argi nuen musikaria izan nahi nuela. Derion aitita eta izekoarekin bizi nintzen, gurasoak Venezuelara lan egitera joan zirelako, nik 10 urte nituela. Nik hemen ez nuen musikaria izateko aukera handirik, eta pentsatu nuen agian han bai izango nuela... Venezuelan irakasle on batekin ibili nintzen eta kontzertuak ematen hasi nintzen. Musikari dagokionez, Derion batxilergoa egin nuen eta Hegoamerikan, unibertsitatea.
Zelan zen Derio txikia zinenean?
Txikia. Garai hartan 1.000 biztanle baino ez zituen. Txikitan futbolean baino ez genuen jokatzen. Ez zegoen beste gauzarik egiteko. Orain konturatzen naiz nolako garrantzia duen inguruak, hau da, zein lekutan hazten zaren, zure baliabideak garatzeko. Hemen ez zegoen ezer arteei dagokienez. Nire gurasoek Venezuelara lehenago eraman banindute, askoz lehenago hasiko nintzen ikasten eta orain baino piano-jotzaile hobea izango nintzatekeen.
Nolako bizimodua egiten zenuen Venezuelan?
Puerto La Cruz herrian bizi nintzen, Caracasetik 300 kilometrora. Bost urte eman nituen han. Garai batean, egunero joaten nintzen hiriburura piano eskola hartzera. Guztira 16 ordu ematen nituen autobusean, oihanean zehar joan-etorriko bidaia egiteko. Azkenean, Caracasera joan nintzen bizi izatera eta bertan 15 urte eman nituen. Zorionez, Caracasen irakasle ona lortu nuen, amerikarra, eta berarekin asko ikasi nuen. Garai hartan hasi nintzen kontzertuak ematen munduan zehar. Bizitza erraza eramaten nuen Venezuelan, baina beste helburu batzuk nituen, urrats bat haratago joan nahi nuen. Caracasen ez nuen, dantza mailan, parekorik.
Eta horregatik joan zinen Estatu Batuetara...
Bai, 1980an erronka berrien bila joan nintzen New Yorkera. Eta ailegatu bezain laster, hainbat lan atera zitzaizkidan. Haietako bat dantza-eskola batean izan zen, eta han Mijail Barishnikov dantzari eta koreografo handia eta Rudolf Nureyev dantzari handia ezagutu nituen. Haiekin lan egiteko aukera izatea nire karrerako punturik altuenetariko bat izan zen.
Gaur egun Madrilen bizi zara...
Tira, Madril eta New Yorken artean. 1992an kontserbatorioko irakaslea izateko plaza bat eskuratu nuen Espainiako Kultura Ministerioan. Dena dela, argi nuen New Yorken lan egiten jarraituko nuela. New York arteetako munduko hiriburua da eta oso gustura nabil han. Eta erretiroa hartu dudanetik, batzuetan Madrilen eta beste batzuetan New Yorken ibiltzen naiz. Espainian erretiroa hartzen duzunean baztertu egiten zaituzte, baina nik lanean jarraitu nahi dut, bai horixe! New Yorken nahi beste lan daukat, eta kontzertuak eta ikastaroak ematen ditut, eta noski, dantza-eskoletan pianoa jotzen dut, akonpainamendua egiten dut.
Zure ibilbidea nabarmena da batez ere balletean akonpainamendua egiteagatik. Zelan sartu zinen mundu horretan?
Piano-jotzaile gehienak hainbat esparrutan ibiltzen dira. Oso nekez bizi ahal da bakarrik kontzertuak ematetik. Caracasen gonbidatu ninduten dantza eskola batera, eta harrezkero gero eta ospe handiagoa hartu nuen. Piano-jotzaile askok ez diete akonpainamenduari behar bezalako garrantzirik ematen, baina ni ez nago ados. Eskola batean pianoa jotzen dudanean, kontzertu bat bezain garrantzitsua da, eta ahalik eta mailarik altuena erakusten saiatu behar dut. Pianoa jotzen dudan bakoitzean, ondo pasatzen dut, eta nire gozamena helarazi nahi diet entzuleei.
Eta hori da bereizten zaituena?
Bai. Sentimenduak helarazi nahi dizkiet entzuten didatenei, hunkitu nahi ditut. Jendeak galdetzen dit: “Josu, kontuan izanda onenetariko bat zarela, zergatik jarraitzen duzu ikasten, etengabe?”. Eta nik beti erantzuten diet heltzea erraza dela, baina mantentzea, aldiz, izugarri zaila. Eta goi-mailan mantentzeko, egunero-egunero ikasi behar duzu. Harro nago, denbora luzean ibili naizelako goi-mailan. Ikastaroak ematen ditudanean, ez dut teknikarik irakasten, ezta dantzari lotutako ezagupenik ere. Nik interpretazioa eta errepertorioa irakasten dizkiet. Izan ere, jotzeko era duzu ala ez duzu, ezin da irakatsi, ezin da ikasi.
Zein da zure karreraren lorpenik handiena?
Harro nago, adituek esaten dutelako gaur egungo piano-jotzailerik onenetariko bat naizela.
Munduan zehar ibilia zara pianoa jotzen. Kontzertu edo aretoren bat duzu gogoan bereziki?
Oro har ez dut memoria onik kontzertuetarako, baina bereziki bat daukat gogoan, orkestra batekin lehengo kontzertua eskaini nuenean, alegia. Caracasen, 1972ko martxoaren 7an izan zen. Garai hartan, nire bizitzako ametsa zen. Oso berezia izan zen eta grabaketa etxean daukat gordeta. Entzuten dudan bakoitzean, ezin dut sinetsi hori neu naizela. Miresten dut nire ausardia eta nire lasaitasuna. Harrezkero emandako kontzertuetan lehenengo horretan bezain lasai ibili banintz, askoz urrunago helduko nintzatekeen.
Diskoak ere argitaratu dituzu...
Bai. Nire emazteak animatu ninduen. Lehenengoa jarraian grabatu nuen (kar, kar). Gaur egun, ordea, atalka, edo kantaka grabatzen dira. Lehenengo diskoa 1988an grabatu nuen eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Nahiko lotsatia izan naiz beti eta inoiz ez dut nire burua besteen aurrean aintzat hartzen jakin. Guztira 10 disko inguru grabatu ditut, baina ezin dut bakar bat aukeratu. Bakoitzak badu bere xarma. Harrotasunez esan behar dut nik neuk aukeratu nituela kanta guztiak.
Azken diskoak Bihotz barnetik doinuak du izena eta euskal kantak jorratzen dituzu...
Bai. Disko hori egiteko irrikan nengoen, nire bizitza osoa bertan dagoelako. Azkenak bat egiten du aurreko diskoarekin A journey home, etxerako bidea. Nire haurtzaroaren kantek osatzen dituzte diskoak, aitak erakutsitakoak. Oso hunkigarriak dira niretzat.
Badago bete ez duzun helbururik?
Bai, nire estudioa edukitzea gustatuko litzaidake. Horrela, nik nahi dudanean, eta ez estudio batek edo diskoetxe batek esaten dutenean, grabazioak egingo nituzke. Batzuetan hitzordua duzu estudioan eta nahitaez grabatu behar duzu, estudioa alokatzea garestia delako. Baina grabaketarik onenak barrenak eskatzen dizunean egiten dira, eta hori ez da egunero gertatzen. Arthur Rubinstein piano-jotzaile poloniar handiak esaten zuen berak dena jarraian grabatu nahi zuela eta eskatzen zuen bitartean inork ez molestatzea. Batzuetan akatsak zeuden bere grabazioetan, baina ez zuten garrantzirik, interpretazioa zoragarria zelako.
Amaitzeko, bitxikeria bat. Izen euskalduna duzu, zelan moldatu zara Estatu Batuetan?
Aitak Josu izena jarri nahi zidan, baina garai hartan ezinezkoa zen eta Jesús María jarri zidan. Eta Venezuelan Jesús esaten zidaten. Hala ere, Estatu Batuetara ailegatu nintzenean aldatzea erabaki nuen, eta Josu berreskuratu nuen. Izan ere, han judutarrak dira nagusi eta Jesús testuinguru horretan ez zitzaidan batere aproposa iruditu. Ingelesez ere Jesús izenak ez du batere ondo jotzen. Abizenarekin ere arazoak dituzte Estatu Batuetan (kar, kar), eta beti hitzez hitz esatea eskatzen didate.
Ibilbidea
Josu Bilbon jaio zen 1942an. Aita Soraluzekoa zen eta ama, Deriokoa. Txikitan, Bilbon, Soraluzen eta Derion bizi izan zen. Aitak musikan sartu zuen eta Josuk pianoa ez ezik, txistua eta akordeoia ere jotzen ditu. “Venezuelan euskal etxekoek deitzen zidaten eta izugarriko jaiak egiten genituen (kar, kar...)”, esan digu. Venezuelan goi-mailako ikasketak egin zituen, baita Estatu Batuetan ere, Indianako Bloomingtoneko Unibertsitatean, hain zuzen ere.
Estatu Batuetan bizi zela, bertan hazitako emakume frantses batekin ezkondu zen eta berarekin alaba bat izan zuen. “Alaba aktorea da eta Los Angelesen bizi da. Nik aukera eman nion berak nahi zuena egiteko. Pianoa irakasten hasi nintzaion, baina borroka pilo bat izaten genituen (kar, kar); beraz, beste irakasle batek egin behar izan zuen lan berarekin. Nire ustez, sentsibilitate handiko neska da, baina ez zuen gogor lan egiteko gogoa adierazi; berarentzat pianoa zaletasuna baino ez zen”.
Josuk 14 disko plazaratu ditu eta horiek www.josuonline.com webgunean daude salgai. Gainera hainbat saiotan hartu du parte munduan zehar eta zenbait orkestrarekin aritu izan da. Josu bakarlari ibili da askotan, baita akonpainamendua egiten balletean. Esparru horretan munduko dantzari, koreografo eta konpainia onenenetarikoekin egin du lan: Mijail Barishnikov, Rudolf Nureyev, Maya Plisetskaya, Julio Bocca, Ballet Amerikarraren Antzerkia, Ballet Amerikarraren Eskola, Mexikoko Ballet Independientea... Adituek eta profesionalek aintzat hartzen dute Josuren lana: “piano-jotzaile aparta da”, “sormen handiko musikaria”, “urrezko atzamarrak”, “pianista bikaina”, “artista handia”....
AIKOR
Comentarios