José Manuel Bujanda Arizmendi
Ez da lehenengo aldiz, eta egunkari honetan bertan horrela adierazi izan dut behin baino gehiagotan, hezkuntza dela bereiziki edozein administrazio edo gobernuk, ezinbestez zaindu eta bermatu beharreko esparrua, etorkizuna bera baitago jokoan. Ziur nago beste behin ere errepikatuko dudala baieztapen hori. Eta nire iritziz behintzat politikaren zelai jokoan legitimoki gertatzen den gobernua eta oposizioaren arteko eztabaida eta liskarretatik kanpo geratu beharko litzateke, ahal den neurrian behintzat. Arrazoia guztiz sinplea da, hezkuntzaren inguruko guztia garrantzitsuegia baita politikaren jolas arruntean jostailu eta tresna erasokor gisa erabiltzeko. Eusko Jaurlaritzak horrela uste eta sinesten izan du, eta du. Jakina eta ezaguna denez prest azaldu zen aspalditxo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Jokin Bildarratz, eta bere taldea, hezkuntzaren esparruan zerikusia duten guztiekin harreman, bilera eta elkarrizketak aurrera eramateko Hezkuntza Lege berrira eramango gaituen ibilbidetik Akordio bila. Erronka itzela. Beharrezko gogoeta garaia iritzi ezberdinen arteko partaidetza ezinbesteko tresna bilakatu da. Orain dela hilabete batzuk urratsak ematen hasia zen Hezkuntza Saila xede hori lortzeko bidean. Diskretuki baina lanean. Sarri lana eta diskrezioa, diskrezioa eta lana ezinbesteko jarrera eraginkorra suertatzen da eta. Ez da bide erraza, ezta agian motza izango ere, luzea eta agian (baita ere) korapilatsua izan daiteke, baina egia esan, antzinako esaldi oso zuhur batek dioen bezala: nork esan zuen, bada, horrelako zerbait aise eta erraza izango zenik? Zaila bai, baita lorgarria ere. Utopiak lanean lortzen dira, ekinean, zeren badaude eskuratu daitezen utopia lorgarria.