José Manuel Bujanda Arizmendi
Igandean Aberri Eguna ospatuko dugu Lizardiren bihotz-begietan murgilduta. Iaz, eta orain dela bi urte era berdinean, Aberri Eguna aipatzean erabat deseroso idatzi nuen Covid madarikatua dela eta. Eta ez da harritzekoa, zeren bi urte daramatzagu birus honek baldintzatzen dizkigularik geure bizitzako esparru gehienak. Orain dela bi urte atsekabez bizi genituen garai hauek, iazkoan “indartuz” hitza erabili nuen itxaropenaz. Aurtengoan antzematen dugu etorkizunean, epe motz, erdi eta luzera ohitu egin beharko garela birus honen presentziarekin geure bizitza aurrera eramaten, zainduz beti ere. Prebentzioa eta txertoak ditugu heldu leku, itxaropena eta etorkizunari begira argi izpia. Eutsiko goiari, eta beheari behar izan ezkero ere. Baina, “sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik” aurrera jarraitzeko beharra dugu, horretan jarriko ditugu gure itxaropen guztiak. Ziur nago lortuko dugula egoera zital hau gainditzea. Eta horrela aurten ere, urteoro bezalaxe, 90. ABERRI EGUNA ospatzeko konpromisoa dugu abertzaleok, eta bereziki jeltzaleok, eta horrela gu geu EAJko alderdikide, Bilboko Plaza berrian izango gara, berriro, lelo honen aldarrikapen, itzal eta babesean ABERRI EGUNA 90 URTE. Garrantzitsua da aurten kalera berriro irtetea eta lau haizetara aldarrikatzea Herri bat garela eta Herri gisa onartuak izatea nahi dugula, eta halaber garbi adierazi Herrien borondatea errespetatzea izan behar dugula beti geure goiburu, Itsaso Atutxaren hitz egoki, sendo eta zorrotzetan orain dela gutxi esanak hain zuzen.