Jose Manuel Bujanda Arizmendi
Aita, Inosen, 1915-I-16an jaio zen Donostian, 98 urterekin hil. Urte luzetan izkutuan idatzi eta ongi gordetako zirriborrotutako gogoeta ugari, baita filofia kutsukoak ere, eta ideia multzoz osaturiko, eta ondoren aurkitutako hainbat orrialde, maitasun osoz, garbitu, eguneratu eta biotzez txukundu eta paratu ondoren zatika argitaratzen ditut, lautan hain zuzen. Gudari izandakoa Saseta Batailoian bere bi anaiekin batera. Espetxeak ezagutu zituena luzaroan, euskal “erresistentzian” aritutakoa, gizon argia, autodidakta, jakituna serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, idazle bikaina, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Bere hainbat orrialdek Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Egan literatura aldizkarian aspalditxo argia ikusi zuten. Beste batzuk saltoka dabilzkit etxean zehar bere destinoaren zain betiere. Bedi bada hauxe:
Puntu txiki bat besterik ez da gure planeta. Hori gure galaxian. Eta gure galaxia bera ere gauza gutxitxo da unibertsoan, milioika galaxia daude, edo gaude kosmosean eta. Galduta gaude unibertsoan. Lurra, gu, planeta hau, lau miloi urte t´erdi zahar omen da eta hasieran, itxuraz, harkaitz huts besterik ez zen. Biztanleria sei mila miloi emakume eta gizakume ginen XXI. mende hasieran, eta laster bederatzi mila miloi edo izan gaitezke. Alde nabari ugarituenak Asia eta gero Afrikan bizi direlarik. Horrekin ziur aski munduko politika egoerak aldakuntza handiak sufritu beharko ditu, Txina, India, Errusia, Brasil eta abarrek beren pisua erakutsiko dute, noski, eta emigrazioko mugimenduak larrituko dira estatu industrialetarantz. Gaur egun 6.700 hizkuntza mintzatzen dira gure planetan. Hogei mila hizkuntza hitz egiten omen ziren ez oso aspaldi ere. Lurra dugu, bada, gure bizitoki. Hau dugu zaindu beharreko etxea. Egiaz esan daiteke gure planeta dela dugun altxor bikaina. Giza espeziaren baliabide, salbabide bakarra, gure etorkizuna, gure dena.
Ekologia, planeta berotzearen kontrako borroka, planeta garbiago baten aldeko lana, mundu garbiago bat behar dela. Bizi garen planeta ez da egiaz Utopiek bilatzen zuten “mundu zoriontsu” hura. Hondamendiak egunero, modu eta era jarraikian ari baitira gertatzen: lurrikarak, tsunamiak, baso suntsiketak, animalien espezieak desagertzeak, era askotako kutsadurak. Ekintza kriminalak, terrorismoa, drogen merkatua. Eta hori guztia gutxi balitz, erantsi ehunka milioien premia gorria, miseria latza, konparazioko gutxi batzuen oparotasunaren ondoan, globalizazio ekonomikoak zona handietan sorrarazten duen ezin egona, sida bezalako gaitza... zoritxarraren zerrenda aisa luza daiteke. Aspaldiko dilema etortzen zaigu burura: benetan bizi ote gara kosmos batean ala atzeraka ote goaz kaos aldera? Ala txandaka gabiltza, batzuetan zuzen, oker bestetan? Ala astroen orbitek ere ez, ala bai, dute zentzurik?
Errealitatea hauxe da, estatu nazionalek egiten dituztela herrien arteko harreman nagusiak eta egia ere da estatuak izan direla ez bakerako nazioak baizik gerrarako herriak. Eta badakigu zer diren gerrak: suicidio orokorrak, suizidio itsuak. Gerra batzuek eta besteek galtzen baitituzte, itxurazko garaile suertatzen direnek eta izenezko galtzaileek. Mundu guztia galera lotsagarrian. Denbora zaharretan morrontza hori zen araua, ez noski askatasuna. Hondamen horietatik alde egin nahi izan du mundu aurreratuak, baina leize berean erori egin da berriro XX. mendean bi aldiz milioika hildako sortuz. Bistan dagoenez, oraindik ere zer ikasi gaitza dago.
Estatuak ez dira gauza izan sarraskiak ekiditeko. Aitzitik ez bada. Beharbada herri arteko borrokak estatuek berek bultzatu eta piztuak izan dira. Gaurko egunean 161 estatu, handi eta txiki, aurkitzen dira planetan, humanitatearen onerako eta aurrerapenerako beste hainbeste eragozpen, oztopo eta zailtasun. Burujabetasunak, nolabait, neurritan hartzea eskatzen du zalantzarik gabe arrazoi eta eskubide politikoak nazioez gaindiko erakundeei bidea emanez. XX. mendea amerikanoa izan da indarraren aldetik, ikuspuntu militar, ekonomiko eta kulturaletan. XXI. mendean emigrazioko mugimenduak txit handiak ari dira gertatzen, orain artekoak baino larriagoak, eta aldakuntzak oro har berdingabeak. Txina, India, Errusia eta Brasilen mudantza ikaragarriak produzitzen dira, mundua ez da horren amerikanoa nabarmenki. Guztien onerako suertatuko den gizarte mundialarentzat interdependentzia globala antolatuko ahal da demokrazia eraberrituan egun diren estatuetatik hasiz eta planetaren tontorretaraino ailegatuz. Mundializazioa dator. Lehiaketan ipiniko dira sistemak, organismoak, eskala guztiak.
Hau da erronka, desafio handia. Ideia berriak gizon eta emakume berrientzat. Helburu zuzen, berdin eta bakar bat. Lurtarrentzat internazionalismo noble eta eskuzabala humanitatearentzat. Hitz batean, espiritu berri bat lur zahar baina gizarte berri honen zerbitzurako, itxaropenerako. Izan ere, badago makro-politika edo politika orokor bat begiratzen duena, pentsatzen duena eta zaintzen herri guztien ordenamendu nagusia. Eta badago ere mikro-politika bat, edo politika berezia, zeinaren ekimena bildu egiten da aspektu partzial jakinetan. Azken zentzu honetan aipatzen da, esate baterako, politika ekonomia, politika soziala, politika hezkuntza eta abar. Pertsona garenez, historikoki erantzule, arduradun garen aldetik, gidatzen gaituen helburua askatasuna da: ordena zuzene- rako borroka askatasunaren alde.
Zientzia politika, askatasunaren zientzia eta ondorenez. Pertsona gehiagok eutsi eta gorde dezaten askatasun gehiago eta gaiago izan daitezen beren askatasuna erabiltzeko, baliatzeko. Ez gara presentean bakarrik, orainaldian bakaririk bizi. Geroan. Geroan ere bizi gara. Etorkizunean. Etorkizunean asmatzen dugu. Ekintza politiko guztia proiektua da. Pertsona horretan saiatzen da, etorkizuneko ziurgabetasuna murrizten, etorkizuna menperatzen. Destinoa eta patua domina eta menperatzen. Jean Paul Sartrek zorrotz idatzi du literatura eta eragile politikoen artean dauden loturez. Literatura agertzen da askatasunaren ezagutza bezala. Literatura posible ez denean, zail da askatasuna hiritarren artean. Prentsa eta demokrazia lagunak dira.
Gauza jakina denez, Roosevelt zein Kennedy jende intelektual eta trebatuez inguratu ziren, zeinekin kontsultatzeko neurri politiko eta plan garrantzitsuei buruz. Bai horixe, inteligentziaren aldetik ibili behar da fronte guztietan tankera ezberdinetan. Arrunkeria, indiferentzia eta konformismoaren aurka, ergelkeria eta ustelkeriaren kontra, erantzukizun gabeko intelektualen kontra ere. Lan eder batean Lain Entralgok deitu zituena “jakintsu ustelak”, mertzenarioak alegia. Erabateko utopiazalea izan beharko da sinesteko USAko ereduak eta teknikak neurri eta langarik gabe aplikagarri direla non-nahi, edozein tokian. Hori gerta dakioke barrutik makurtua dagoenari ideologia baten alde amerikar way of lifeen mesedetan. Iparramerikar erakundeak onenak direla, Ipar Amerika inozentea eta osoki desinteresatua eta soilki bilatzen duela demokrazia edonon ezartzea eta herrien askatasuna han eta hemen.
Izaki humanoaren destinoa da politika, baina hau ez da ez ingenuitatearen erreinua.
Zientzia politikoaren loraldia uztartua dago heldutasun zibilarekin, parean dabil zabaltasun kulturalekin. Hiru eskema politiko aipa daitezke forma politikoak ulertzeko: 1.Baikortasun antropologikoa: gizakiaren zintzotasunetik hasten dena: Pelagio, Rousseau, anarkismoa, “basati onaren mitoa”. 2.Ezkortasun antropologikoa: aurreko jarreraren aurkakoa: Makiabelo, Hobbes, pentsamendu politikoaren jokaera irrazionalistak, absolutismoa, totalitarismoak...3. Gizaki erorkorraren tesiak: Teologia kristautik datorrena, bekatu, erredentzioa. Gizakiak onartzen ditu gauza onak eta bertutezkoak. Alabaina, besarkatzen ditu gauza gaiztoak eta biziotsuak. Filosofo ezkorra zen Schopenhauerek nabarmendu zuen aurreiritzien funtzio kreatzailea. Beretzat gizakiaren uste sendo gehienak maskarada besterik ez dira.
Honela, gure mundu zibilizatua maskara izugarria da, maskarada larria. Ikusten dugun bezala gure gorputza jantzipean bildurik dago eta itxura honexetan gure izpiritua gezurrez inguratua dugu. Munduan izaki gezurti bat baino gehiago dago, alegia gizakia. Izaki humanoak bakarrak esaten du gezurra, adierazten du gezurra, gezur esan dezake eta gezur esan egiten du. Eta noski, gezurraren iturriak bere borondatearen nagusitasuna zabaltzen du beste indibiduoen gainera. Politikan beti behar dena etorkizuneko ikuspena da, berriaren erakuspena eta eraginkortasuna babesten duen pragmatismoa. Henry Ford mintzo: porrot ororen oinarrian zer dago? Ba, eraketa akastua, edo zuzendaritza arlotea. Beste hitzetan, porrotaren edo arrakastaren, hau da, garaipenaren edo galmenaren iturburua goiko aldean dago beti, zuzendari nagusien artean. Eta ez noski beheko mailan.
Leon Blumek esana: lan egin behar da, lagundu behar dugu beldurretik eta miseriatik mundo askatua eraikitzeko. Bizikidetasun ordena erdiesteko jarduera politikoa komunitate osoaren lana bezala ulertzen du Blumek. Politikak, jarduera humano den neurrian, proposatzen duena da boterearen bitartez bizikidetasun libre eta borondatezkoa onestea. Forma politiko desideologizatuak irudikatzea zientzia fikzioko munduari dagokio. Irina gabeko ogia, sexu gabeko maitasuna, grina gabeko politika. Kafeina ez duen kafea, sorpresa gabeko jokoa, kirol arrisku gabea. Edo txarragoa dena: desnaturalizazioaren pareko nahasketak, gerra den bakea, gezurra gertatzen den ogia, hizkuntza elektroniko hutsa den ezarritako poesia. Politikaren alde txarra eta zikina, horretan datza arriskua.
Horrexegatik libertatearen behar kabalaren premia, askatasun giroaren nahitaeza, jokaera guztien derrigorrezko kontrola, oinarrizkoa eta errozkoa. Herriaren ondasunak gaizki erabiltzea, administratzea modu gaiztoan, batzuei gehiagoko beste batzuei urriagoko laguntzak motibo jatorrik gabe ematea, ustelkeria giroa jaioaraztea da aipaturiko alde txar eta zikin hori. Betiere gorrotoak, ezinikusiak, grina txarrak sortzea, lotsagabekeriaren erreinua zabaltzea eta errealitate gordineko erreinua bultzatzea. Horrela da askoren bizimodua. Eli Wieselen pentsamenduak hausnarketa bat gidatzen du mundua gainalderako ekintza daramana. Bultza ditzagun ikerketa zientifikoak, topaketa eta abentura kreatzaileak. Babestu ausarki, lagundu, borrokarako intolerantzia den guztiaren aurka, xenofobiaren kontra, miseriaren aurka, gure unibertsoan bizitza forma guztientzat erdeinua besterik ez duten guztien kontra. Indiako atsotitza: “Ematen ez den guztia galdu egiten da”. Beste esaera on bat: “Iragana da hitzaurrea”. Politikaren eremuan ez dezagun hutsik landu gabe utzi, zelaitxorik txikiena edo laboratzeke zer goldatu exkaxez, uzta ongi helduta bildu gabe, itsasorik garbitu gabe, herri eta hiririk zerbitzatu gabe, inongo gaitasun edo bururik galtzen alferrik eutsi gabe, inor utzi lagundu gabe, inongo horizonte, hodei, ertz ikustatu gabe, inongo zeru miretsi gabe. Oreka politikoa nahitaezkoa da integrazioan parte hartzen duten indar diferenteen artean. Oreka faltaz bultzatzen baita totalitarismo mota batera nahiz bestera. Etorkizunean Estatua gainditzeak etorri behar du egitura nagusiagoak antolatuz, politika ez baita noski identifikatzen soil soilik eta derrigorrez edo halabeharrez maila estatalarekin. Baina zeregin horretan, ikusten denez, badago, egon ere, zer ikasi eta zer ikusi asko oraindik. Prozesuak bide luzea dauka oraindik. Kultura politikoaren kontzeptua ez dator bat sistema politiko konkretu edo jakin batekin. Kultura politikoa da politika egiteko jokaera modua, lanabes kontzeptual baliotsua mikro-politika eta makro-politika elkarbideratzeko. Laguntzen du politikaren multzoa ikertzeko osotasun bezala, harremanetan ipintzen ditu indibiduo partikularraren interesak eta estatistikak taldeen eta gizarteen ekintza eta ereduekin. Kultura politikoaren mailak ikertu daitezke kontutan edukiz honako hauek: 1.Lurralde desberdinetan politika heldua dutenak, kultura politiko garatukoak. 2. Kultura politiko baxukoak. 3.Gutxienezko kultura politikokoak 4.Azkenik, kultura politiko antidilubiana bakarrekoak. Kultura politikoaren eraginkortasun eta onuragarritasunari buruz mintza daiteke sistema politikoaren ulermenerako eta azterketarako, kultura politikoak eta forma politikoak konparatuz herrialde diferenteetan.
Erregimen politiko ingelesa hartu izan da herri guztiek imitatu behar luketen sistema eredu gisa. Britainia Handia luzaroan errespetatua eta inbidiatua izan da beste herrien aldetik. Bertan gauzatzen direlako eraginkortasun politikoa eta hiritar askatasuna uztartuak itxura zoragarrian. Britainiar konstituzionalismoa indar biologiko batek zuzentzen du, eta bizitza bezala azaltzen zaigu, paradoxikoa, osoa, betea eta txundigarria batera. Mauroisek Britainia Handia “inkoherentziaren lur bedeinkatua” bezala bataiatu zuen, bere iritziz beti agertzen duelako soluzio bat, aldi berean liluragarri eta askotarikoa, konplexua alegia. Voltairek bere aldetik honela zioen: “Bizitza ingelesa... elementuen zorioneko konbinazioa da, nahaste harmoniatsu horretan bere ordenaren sekretua gordetzen baita, jakin dute ederki bateratzen multzo orekatuan printzipio eta instituzio zenbait beste lekutan elkarrezinak gertatuak izan direnak, aginpidea eta askatasuna, monarkia eta demokrazia, tradizioa eta egokitasuna. Mendetako lanketa historikoa, honek sorrarazten duelarik gaur harritzen gaituen eraikinerako oinarri irmo sendoa”. Zein ideia da sistema politiko honi egitura ematen dioena? Orekaren ideia, zuzentza, Zuzenbidearen nagusitasunpeko arian doana, rule of law, legearen erreinua.
Erakunde Britainiakoaren izaera berezia historikoa da, ohiturazkoa, iraganarekin leial, etengabeko eraberritzen dena. Ingalaterran agintariak zein gobernatuak topatzen dira jokatzeko norma politikoekin jakintsuki landuak mendeen joanean. Horregatik guztiagatik Britainia Handia egiazko demokrazia da. Lehen Ministroak ehun eguneko epea aipatu zuen herritarrei konfiantza berremateko. Estatu Batuetan demokratek, azken hauteskundeetan garaile irtenak, presa gehiago agertu dute: aurreneko ehun lanorduetan sei lege-giltza bozkatzeko.
Ehun egun, ehun ordu. Nork daki! Gure agintariak ez daitezela fida. Politikoa bilakatzen ari den telebistako joko handi horretan, hautesle ikusle multzoak, kezkati eta urduri, ehun segundoko epea besterik ez die emango lehiakide politikariei. Gaurko egunean politikak bere sinesgarritasuna berreskuratu behar du, eta, beraz, argi ikusi zer nolako etena irekia dagoen hitzaldien eta egintzen artean. Garbi gera dadila zer modutan hautatuek beren lanen argibidea eman dezaketen epe jakinetan, hautatu dituzten herritarren aurrean. Jendeak ez baitu nahi bost urtero deitua izan botoa ematera eta gero egiaztatu inork ez diola kasurik egiten. Hautatuek beren ona besterik ez dute bilatzen. Hori da herriaren sentimendua. Oker pentsatua egon daiteke, baina benetan hori serio hartzen az bada, okerrean dagoela jendea ez dago probatzerik. Jarraituko du.
François Miterrandek errepikatzen zuen bezala, sozialistek aurreratzen duten proiektua handiagoa da beren pertsonak baino eta kolektiboki defendatzen duten xedea indartsuagoa berak indibidualki baino. Derrigorrezkoa da gazteen langabeziaren aurkako ekintza behar bezain bortitza eta iraunkorra izatea. Horretan huts egitea, zalantzarik gabe, hirietako biziera zauritzen duen ebakia sortzea da eta horrela hausten den orekak gazte jendearen delinkuentziaren iturria bultza dezake. Gutxitu behar da, desagerrarazi posible balitz desberdintasuna, amildegia herrialde aberats eta herrialde behartsuen artean. Diferentzia larri hori desagertzen ez den bitartean, miseriaren immigrazioak iraun egingo du.
Mundu osoko politika aurrerakoi eta noblerik baldin bada gure planetarako horixe bai egiaz eta benetan. Arazoa ez da konpontzen jendea jendearen kontra altxatuz, taldea taldearen aurka jarriz, baztertuak gorapenaren bidean altxatuz baizik. Gure txanda da. Guri tokatzen zaigu etapa berri bat hastea, orrialde berri bat idaztea, bestelako ikasturte bat inauguratzea. Dilema ez da sozialdemokrazia bai ala ez. Ongizateko Estatua denek ontzat hartzen dute. Mingainez, ahoz, hitzez, ordea.
Hainbat gogoeta. Etorkizunari nork antzeman dio? Antzeman dioena emakume bat izan da, lan zailena egin duena bera. Ezker girokoen artean irudi berri baten ekarlea, sinbolikoa eta paradoxikoa bezain irreala belaunaldi berri batentzat. Aurkitu duen herrialde nekatua egoera nahasi batetik ateratzea lortu baitu, hodei baxuak eta udazkenezko euriak atzean utziz. Bundesbankeko lehendakariorde 57 urteko andreak ongi daki zer defendatzea dagokion. Lehentasuna -oraintsu esana du- inflazioaren kontrako gerra da. Bazen hautatzeko ordua. Etsaiak eta aurkariak ez dira gauza bera. Jarraituko du laster. Bilatzen duenarentzat zertan dagoen horien arteko aldea, erantzuna sinplea da, erraza. Aurkariak kontra daude gatazka edo lehiaketa batean. Etsaiek, ordea, elkarri kaltea egitea bilatzen dute. David Cameron sozietate altuko goi-gizartearen seme hau ondo dabil bere larruan, harrokeriarik eta damurik gabe nazkagarriki pribilegiatua izan dela aitortzen du. Berak esan du, “Balio duena ez da nondik zatozen, baizik eta nora zoazen”. Psikiatra batek zioenez, munduan behar handiena da umiltasuna eta umorea izatea. Umore senak zabaltzen digu geure kontzientzia eta beste pertsonekiko erlazioa. Umorea da munduaren pertzepzio maila, kontrasteak eta zentzugabeak hautemateko gaitasuna.
Kreatibitatea eta askatasun sentiera duen sena. Txundiduraren ahalmena. Esanahiaz konturatzeko poza. Sozietate bat alde batetik super-elite batek mugatua eta beste aldetik baztertuez osatua dena, ez da sozietate ona eta zuzena, ez-zuzena baino. Sakonetik begiratuz, miraria zeretik dator, alegia, giza banakoak saiatzen direnetik zuzen jokatzen sozietate ez-zuzen batean, eta ausaz zuzena ezin daitekeena saminari eta borrokari uko egiteke ongiaren ahalegina tiraniaren aurka eta zuzentasun ahuleziaren aurka saiatzen direnetik, hortik etor daiteke miraria. Gauza bat dago argi: aldaketa berria behar dugu.
Politikari belaunaldi berri bat eta ez egur-mintzaira darabilena, baizik gardentasunaz gobernatzen dakiena, interes pertsonalaren atzetik ibili gabe. Gure herriak guztia du arrakastari eusteko langabezia aurrez aldetik menderatzen badu, hauxe da ideia-giltza. CIAren txostenak aipatzen du “ziurtasun erlatiboen zerrenda” munduko ikuskizunaz 2020. urteko horizontean.
Baina...zein dira gero ziurtasunok? Jauresk zioen: “Bilatu egia eta esan egia” printzipioak gidatu zuela bere bizitza osoa. Royal andreak esana: “Nik ezagutzen ditut, ondo ezagutu ere, nazioa zutik jarri eta aurreratzen jarraitzeko eragileak. Hauek dira: hezkuntza, balioak transmititzea, inguramena, osasuna, oreka, harmonia soziala, familia, eraginkortasun ekonomikoa, ordena mundiala”. Nazioarteko lege eta Tribunal famatuenek Guantanamo eta Gazako gertaerak epaitu zituen. Baina Estatu Batuek eta Israelek ez dute atxikimenik izan. Maizegi ikusten duguna hain zuzen, bi pisu, bi neurri. Inkoherentzia. Ez toki jakin batzuetan bakarrik.
Non-nahi bi bide aurkezten dira: inspirazio liberalaren onarpena eta joera sozialarena. Bata, sendotu indartsuak, gehiago aberastu aberatsak, besteek segi dezaten nolabait atzetik, beti atzetik. Bestea saiatu guztiak sar daitezen aurrerakuntzaren itsasontzian. Lehenengoan zalantzarik ez: gizabanakoa utzia dago bere arrakastarekin nahiz bere halabeharrarekin. Berritasun garaian gaude, gauza jakina da. Baina noski problemak agertzen dira. Gazte kutsuko aldaketak, orokorki, positiboak bezala hartzen dira, gazte eta positibo hitz sinonimoak dira eta. Txarrena da zahar tankerako guztia, alderantziz, negatibotasunaren multzoan pilatzen dela derrigorrean, ezgauza gisakoen taldean. Zahartzaroaren desegokitasunak aisa barreiatzen dira, nekez aspektu mesedegarriak. Akaso ikusmolde orekatsuago bat desiragarria edo gertatuko litzateke. Politikari horren arrakastaren iturria, bere ideia kolektiboa ez idatzia izatean dago. Garaipenak, eraikitzeko modua, jokalarien estiloa, mozorrorik gabeko etorkizun ustea, horiek guztiok bultzatzen dute sinisteko desira, gazte itxaropena, ekonomi ekoizpen ona.
Gatazka politikoak inguratzen gaitu eta irteera bakarra besterik ez du: sintesi demokratikoa topatzea eszenategi politiko euskaldunen jarrera desberdinen artekoa. Behar dena da gizartea aldatzea. Eta ez geroago saiatzea gizartea justifikatzeko. Orain arte filosofoek gauza bakarra egin dute: mundua ikusi. Egiaz behar dena besterik denean, alegia, mundua aldatu. Aldaketa ideiaz oroitzea betiere onuragarria da kontzientziak mugitzeko. Arazoa, ordea, da praktikan jartzea itxuraldaketa, esan dezagun mundua aldatzea. Hau da korapiloa. Eszeptizismoa, konfiantza eza, fidagaiztasuna sistema politikoari buruz. Zabalik hori dago hiritartasunaren artean. J.K. Galbraithek frogatzen du bere neurriko ekonomista batek ekar dezakeela aire freskoko olatu sendo bat kutsatuko giro gizartearentzat. Jaun famatu horren obren eduki eta helburu ekonomikoak xeheki deskribatzen dute iparramerikar ekonomia, eta bere azterketak “errenta-banaketaraino” iristen dira.
Haren irudiko, kontsumo publikoko ondasunen banaketa errealitate egiten da aberatsak are eta gehiago aberasteko, eta behartsuak gero eta pobreago suerta daitezen. 1865eko apirilaren 14an Abraham Lincoln hil zuten. Lau urte “Sezesio gerra” bukatu ondoren eta Iparraldearen garaipena Hegoaldearen aurka, esklaboen askatasuna aldarrikatu eta gero, Estatu Batuetako hamaseigarren lehendakariak bazekien mehatxatua zegoela. Bere amaiera tragikoak sarrarazi zuen legendan. Hiltzaileak uste zuen bere ekintza madarikatuaren bitartez Historiaren martxa aldatuko zuela eta nahasmendu hartaz abantaila izango zuela Hegoaldearen bereizketa aseguratzeko, eta, besteak beste, esklaboen zortea ere ez zela aldatuko, beti esklabo geratuko liratekeela. Zorionez erratu zuen.
Valentin Puigek gizakiaren, izaki humanoaren natura ez-perfektua onartzera deitzen du. Gurutzada erredentzio zaleak benetan krudelkeriak gertatu dira, gizagabetasuna erakarri dute. XX. mendeko historia zoritxarrekoa izan da, dakigunez. Hainbat arrazoik lagundu dute horretarako. Horien artean dago ere perfekziorako grina. Izan ere, sekula ez mende honetan bezala izaki humanoa saiatua da sozietate ideala sortu nahian, gizarte adiskidetua eta ez zatitua eraikitzeko, salbazio soziala lortzeko xedearekin. Kimera horien emaitza ezaguna da, gauza jakina, totalitarismoak. Horrekin batera, noski, milioika hildakoen odolak gorritu zuen kontinente europarra, XX. mendea bihurturik heriotza pila erraldoia, megaheriotza krudela. Erantzuna bakarra da: onartu behar dela humanoen izaera akastuna.
Garen bezalakoak garela, eta ezetz esaten eta errepikatzen duten ideologiak gezurtiak direla eta gezurraren amak. Izan behar dugun hori, behar bezalakoak izan behar hori ez da ideologien eta politiken zeregina, gutxiago terrorismoaren kontua, ez da aginduzko obligazioa, oso besterik baizik. Hori da errealitatea, horren aurrean makurtu behar da burua. Bat-bateko aldakuntzak aholkatzen dituztenak, hots, era batera edo bestera biolentzia saldu nahi digutenek hondamendira eraman nahi gaituzte erredentzioaren izenean edo aitzakian. Inork ez dezala negarrik jo etorkizun perfektu amestuengatik. Onar dezagun behar beharrezkoa ez den mundua. Erabil ditzagun beste moduak gauzak hobetzeko eta gaitzak sendatzeko. Ez, mesedez, mirarizko langailuak, ez ametsezko sistemak, ez alferkeriaren bidezidorrak. Ibilian egiten dira bide onak, ahaleginean, esfortzuan, nekean. Demokrazia konfiantzan datza. Gaur egungo arazoa da leize handia, amildegi itzela dagoela hautagaien promesen eta geroko politiken artean.
Ez da gezur kontua, baizik konturatzea politikak gaitasun murriztua, urritua daukala mundua aldatzeko eta erabat zuzentzeko. Dena mundu guztiari prometatzea behar diren errekurtsoez jabetu gabe ere gaiztoa da. Horrek esan nahi al du politika ahula dela? Ez, politikak asko lezake. Baina liderren eginkizuna bestelakotu beharra dago. Ez da beren lana prometatzea. Beren alorra da esplikatzea egingarria dena eta egingarria ez dena. Pedagogia gaitasuna derrigorrezkoa gertatzen da gai horietan. Eta borondate kontua. Politikariek borondatea nahitaezkoa dute mugimenduaren aurrean txukun ibiltzeko, eta ez mugimenduaren atzean joateko.
Italian bizi izandako Goethek zioen: jardutea, jokatzea, gauza erraza da. Pentsatzea zaila da. Baina aritzea norberak sinisten duenez are eta. zailagoa. Esnarazi jendearengan borondate erreal bat eta horizonte politiko zabal bat munduko mailan pentsatzeko. Ez zukeen inoiz pentsatuko nire aitak bere hainbat idea egunkari batean argitaratuak izango zirenik. Bizitzaren txirinbueltak gauzatu ditu bere gogoeta, idatzi multzo, eta desioak. Eskerrikasko aita. Ziur naiz, zauden tokian zaudela lasai irakurri dituzula lerro hauek amaren ondoan, han, hor, hurbil, gertu, urrun, aparte, eternitatea deritzon punttu horretan, non eta denbora eta espazioa bat egiten diren leku misteriotsu horretan. Ikusi arte aita. Zure gogoetak gaurkotasun guztiz bizia izan dute nire bihotzean. Argitasuna gogoan izan dut. Ikuspuntua ikuspuntu, primeran aita. Profeta eta legea, zuk zeuk esaten zenuen bezala. Semea, ni neu, harro zetaz. Guztiz. Bedi ba…Badatoz mezuak: iraganekoa, orain aldikoa, etorkizunekoa, nahiak, asmoak, xedeak, premiak, eskaini guztiei leiho ederrak. Ez naizela soilik zordun nire inguruko gizaki, izaki humanoekiko bakarrik. Multzo handiago batekiko, nire antzeko guztiekiko baizik. Lehengo eta oraingo eta geroko jende guztiekin, hainbestek, anitzek osotutarikoekin alegia. Desira gogoa da, nahia da, zeruan bilatzea falta den izar hura bezalaxe.
Gaston Bachelacek zioen bezala: “Bizitza gar berezi bat da. Baina... garra zer da? Bizitza bat”. Teilhard de Chardin: “Igotzen den guztia bateratzera doa”. Telletxea Idigoras: “Dena egiteko dago”. Boff: “Jainkoak batu zituena, beregatiko kezka eta gure –guztienbeharrengatiko kezka, inork ez lituzke banandu behar. Baztertuak batik bat, behartsuak, sufritzen dutenak, zorigaiztokoak...”. Gobernu europar gehienentzat balio du harako hark: “Esadak zertaz harro hagoen eta esango diat zer ez haizen”. Galdu baita on-izatearen eta ongizatearen iparra. Herritarren txartela haizeak darabil: jadanik ez du nahi, honezkero ez dago, oraindik ez daki. Dena kezka eta duda. Istilu orokorra. Gure produktibitatea, lehiakortasuna, atzerapen teknologia. Epe laburra. Epe ertaina. Epe luzea. Zorteak, agian lagunduko digu. Nork daki! Politika ongi ulertuak asmo kontraesanezkoei koherentzia ematea ahalbidetzen digu. Hori gabe bizitza pasatzen zaigu gure lantxoen katigu, gure denborari uztartuak, gure existentzia neurtu ezinean. Elkartasunaren beharra dugu. Iragana, oraina, geroa elkartu. Gurea eta besteena elkartu. Politika sakona elkarbidea izan dadila.
Absurdoa dabil oraingo produkziotan. Horri John Kenneth Galbraithek zorrozki deitzen dio “Behartsuak ahazteko artea”. Oraingo eszenan joera nagusia gertatzen dena. Faltsukeria ezarria dago, eta da uste izatea jende gehienak, aginpidea duenak, kultura eta pentsamenduaren arloan, zuzentasunarekin leial jokatzen duela behekoen interesen gainean. Roosevelten hitz jokoa da hauxe: “Beldurtu behar duguna da beldurra”. Gobernatzea ez da soilki egite ofizialetan agertzea, zorionak ematea, hitzaldi harroak eskaintzea. Gobernatzea da makina publikoa ongi koipe-tuta beti edukitzea, etengabeko lan isila, batik bat apala, lurraldeko sektore denekin egoki komunikatua, eta guztien gain berehala bertaratzea errekurtso nahitakoez hornitua zoritxarra sufritu duen lekura. Gauzak egin behar dira, bai, baina ez jendeagatik, jendearekin baizik. Estatuaren ereduak zerikusi zuzena du lehentasun politikoekin. Auzia da txirotasun larria mundutik erauztea lehentasun bat den ala ez den. Demokrazia ez da bakarrik hiru botereak ezarraraztea, Montesquieuk aztertzen zuenez, hots, legegilea, eragilea, judiziala, baizik batik bat, giro itxaropena, elkar akordio sentitu bat, hala moduzko batasun oinarrizko bat hiritarren artean.
Bikain aita, egia esan ez nuen inoiz sekulan pentsatuko horrelako gaitasuna zenuenik etorkizuna hain aurrez aurre ikus ahal izateko. Saiatu naiz nire aldetik txukun eta zuzen zureak zirenak irakurleen begi bistan uzten. Milesker guztiagatik, zuri, eta Egan-i.
Amaiera.
Comentarios