Jose Manuel Bujanda Bujanda
Denok gara gauza asko. Inor ez da gauza bakarra. Batzuk besteak baino gehiago hori bai. Begiak itxi eta atzera eta ingurura so eginaz adin ezberdinak, gogo eta irrika ugari, pertsonak non nahi, aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak, maitatuak, maitagarriak. Baita gorrotagarriak ere, ahaztutzekoak betiere. Hirurogei ta hamar urte mundu honetan nagoenetik gauza asko izan naiz, naiz eta oraindik izango naizelakoan nago. Biloba izan naiz, amona Ramona dut gogoan. Ez nituen beste aiton-amonik ezagutu ahal izan gazte hil baitziren, gazteegi alajaina, hala nola Manuel, Fortunato eta Luisa! Inoiz ez zuten irudikatuko, ezin, nola aurreikusi beraiek mundu honetatik joan eta beraien iloba batek beraien izenak aipatuko zituztenik tableta batean idatziz etxe beheko taberna batetako terrazan zuhaitz emankor batzuren itzal pearen laguntzaz. Goian beude aipaturiko guztiak. Ba omen zegoen aitona Fortunato abertzalearen anai bat, Paulino izena zuena, Frankorekin geratu zena, familia hautsita omen, betirako, kupidagabe hautsita, aurrez aurre, ezin ikusi. Luisa askoz lehenago hila zen. Ez dut Ramona eta Manuelen berririk, euskaldunak bai, baita euskaltzeak ere, euskal kultura suspertuz frankismoaren garai latz eta ilunetan. Aiton-amonen biloba naiz. Baita gurasoen semea naiz ere, Xixili ama, Inosen aita. Beti bihotzean. Ama, Ramona eta Manuelen alaba erizaina-komadrona arduratsua, Añorga auzoan oso maitatua, pertsona ona, emakume hobea, profesional paragebea, inguruko baserrietako seme-alaba ugari mundu honetara etortzen ezinbesteko laguntzaile eraginkor oso fina. Ezin ahaztu Amnistia legearen ondorioz Karabantxeleko kartzelatik irtetean, oso ordu txikitan, bere besarkada estua, leiala, zintzoa, desesperatua. Gaixoa ama Xixili. Aita herrena, betaurreko duna, “rojo separatista, cojo, peligroso con gafas” zioen polizi frankistaren fitxa malapartatuak. Gudaria, abertzalea beraz, euskal erresistentzian aritutakoa, kartzela urtetan ezagutu zuena, euskaltzalea, erresilentea, idazlea.
Pena gehiagotan nire esker ona ez adierazi izana. Orain alferrikakoa. Xixili eta Inosen semea. Biloba eta semea. Baita anaia ere. Arantxa eta Juanramonen anai zaharra. Nola pasatzen den denbora Aran eta Juanra. Gogoan daukat, Juanra, izeba Mirenek Añorgan telefono beltz hartatik (19788) hitz egin ondoren, ez dakit norekin, esan zidala “Joxemanuel, Juan Ramón jaio da” baina nik ez nuen ezer ulertu, nola ulertu ba? Bost urte doi doi nituen eta. Juanramon albaiteroa da. Bainan ez dakit zergatik bainan gogoan dauzkat hitz horiek, baita telefono zahar beltz haren zenbakia. Gogoan daukat Aran (medikua), ezin ahaztu zure aurpegia zurbil zurbil malkotsua, begi lausotuak zure anai naizen ni lehenengo aldiz Iruñeako kartzelara joan zinenean ni bisitatzera. Nik neuk 22 urte, zuk zeuk 20 inguru. Zu, Aran, aita Inosen eta ama Xixili zutik, zurbil, txuri txuri, triste, goibel guztiz, eta ni bestaldean kartzelako funtzionario batek jarri berri aulki batean eserita halabeharrez, ezin bainuen zutik iraun, ezta pauso txikienik eman ere. Iruñeako Gobernu zibileko ziegetan jasandako eta pairatutako tortura kupidagabeen ondorio zuzen eta krudela. Biloba, semea, anaia. Baita senarra ere, Patriziaren senarra hain zuzen, 44 urte oso luze elkarrekin bizitzari aurre eginaz. Harro zutaz emazte Patrizia. Maite izan zaitut. Maite zaitut. Maite izango zaitut mundu honetan irauten dudan bitartean, luze ala motz. Eskerrik asko bihotzez Patrizia. Milesker. Patrizia eta bion artean bi alaba bikain izan ditugu Leire eta Enara. Harro beraietaz. Leire alabak bi alaba ditu Noa eta Natale, Enara beste alabak bi seme ditu, Eki eta Kai. Biloba, semea, anaia, senarra, aita eta aitona. Denak ezagutzeko aukera paregabea izan dut, bat ezik, osaba Benito Gudaria, “Saseta Batailoiko ametralladoraseko tenientea” 1937an borroka bizian faxisten aurka Peña Lemoan, askatasunaren, demokraziaren eta Euskadiren alde hila. Agur eta ohore zuri, osaba Benito.
Comentarios