Jose Manuel Bujanda
Estatu Batuetako Donald Trump presidenteak eta Vance presidente ordeak Zelenskyrekin kameren aurrean izandako bileran aurrekaririk gabeko jokabidetzat jotzen denari buruzko pasarte pertsonalak telebistan ikustean ongi liguke hainbat burutazioei ekitea. Memoria hutsa. Gai honi buruz Iñaki Anasagasti adiskideak oso lerro zorrotzak idatziak ditu. Gogoratu, zer izan zen ba diktadura frankistaren aurrean errepublikano eta abertzaleekiko aliatuen traizio lotsagarri hura? Laster Bordeleko Point de Grave-n alemanen aurkako gudaren 80 urteak gogoratuko dira non Euskal Brigadak bertan parte hartu zuen hildako eta zauriturekin. Nola ordaindu zuen hura Frantziako Gobernuak? Ba Agirre Lehendakaria Parisko Marceau kaleko 11ko bulegotik botatzen 1951.urtean. Eta nola ordaindu zuten Estatu Batuek Eusko Jaurlaritzaren eta bere gizonen espioitza aliatuen alde egindakoa? Traizioarekin. Gogoratu besteren artean Txomin Letamendi gudaria 49 urteekin BPSren torturapean hila aliatuen eta Estatu Batuen alde espioitzan ibilitako musikari ausarta. Estatu Batuetako ordezkariak NBEn Ipar Korearekin, Nikaragua, Errusia eta Txinarekin Ukrainaren aurka bozkatzen ikusteak goragale politikoa sortu zigun batzuen batzuei. Honek Estatu Batuetako presidenteek Francoren diktadurari eman zioten laguntzara itzultzen gaitu tamalez. Eta horren froga ona dugu Eisenhower jenerala Estatu Batuetako presidenteak 1959an Madrilen, Agirre Lehendakariak Washingtonera egin zuen azken bisitaren urtean bertan, Franco goxo eta berotasunez agurtzen zuen argazki horretan. Hilabete geroago, 1960ko martxoan, Agirre lehendakaria hil zen 56 urte zituela. Irujok eta Landaburuk aliatuen traizio horrek eragin zien tristura adierazi zuten. De Gaulle jeneralak Franco ere bisitatu zuen 1970ean. Trumpek orain Ukraina eta Zelensky zaldien oinetan uzten dituen jarrera makurrak harritu besterik ezin herri gisa jasan dugun historiaren ideiarik ez duena. Horra printzipiorik gabeko politika. Indartsuenaren eta diruaren legea. Traidoreak.
Comentarios